“Gurasoek seme-alabei Jesusen fedea irakasteari deitzen diogu familia-katekesia”
2023-2024 ikastaro hasiera egunak
Izen ematea ez dutenek egin, egun hauetan egiteko aukera izango dute.
2023ko Urria | 1.go maila | 2.go maila | 3.go maila | Tokia |
---|---|---|---|---|
Karmel Mendiko Andra Mª Parrokia (Añorga) | Urriak 10 – 18:00 | Urriak 3 – 18:00 | Urriak 5 – 18:00 | Geletan |
Lau zutabe ditugu eginkizun honetan lagungarri
Katekesiaren 1go Maila
Jainkoa, gure bizitzaren ardatz
Pertsona
Jainkoak maitasun berberarekin sortu gaitu gu guztiok. Guk ere maitasun handiz maitatu behar dugu.
Familia-bizitza
Poztu gaitezen, familia batean jaio garelako, gaur egun dauden familia mota ugarietako batean. Familiak maite gaitu. Jesus ere familia batean jaio zen.
Gure izena
Poztu gaitezen, IZEN bat ere badugulako.
Aita Jainkoa
Kontura gaitezen JAINKOA AITA DELA, AITA-AMA, maite gaituela, eta kristau-elkartearen familia handian zaintzen gaituela.
Bizitza soziala
Beste dohain batzuen artean, zentzumenak eman dizkigu Jainkoak, berak sortutakoaz goza dezagun. Horregatik, zaindu eta errespetatu egin behar ditugu natura, animaliak, pertsonak…
Jainkoak bere indarra bidaltzen digu
Espiritu Santuaren bidez, pertsona hobeak izaten laguntzen digu, lagun hurkoarekiko jokabide egokia izan dezagun.
1go mailako 2022-2023 material berria .pdf-an deskargatu ezazu:
Katekesiaren 2. Maila
Jesusek, parabolen bidez, nola jokatu beharko genukeen erakusten digu
Gaiak modu ludikoan lantzen ditugu neska-mutilekin, baina mezua beti garbi utziz.
Mezua | Parabola | Laburpena |
---|---|---|
Eman zaigun egitekoa betetzea | Dizipuluei dei egin zienekoa | Jesusek pertsona apalak nahi izan zituen bere ondoan, bere egitekoan lagun ziezaioten. Orain, guri egiten digu dei, bere mezuaren jarraitzaile izan gaitezen. Jainkoaren Erreinua lortzen lagun dezagun nahi du, bidegabekeriarik gabeko mundua, denok elkarri lagunduz eta daukaguna elkarbanatuz. |
Harrera egitea | Bartimeo | Bartimeo bakarrik zegoen beti, baztertuta. Jesus hurbildu egin zitzaion, harrera egin zion, eta bizitza aldatu zion. |
Jesusekin elkartzeak aldatu egiten gaitu | Zakeo | Juduentzat, bekatari bat zen Zakeo. Baina Jesus handik igaroko zela jakin zuenean, korrika joan zen, bera ikustera. Jesusek, Zakeo ikustean, bere etxera joango zela esan zion, eta hala egin zuen. Ordutik aurrera, Zakeo aldatu egin zen, eta bere ondasunak banatzen hasi zen. |
Elkarbanatzea | Jesusek ogiak eta arrainak biderkatu zituenekoa | Jesusek elkarbanatzen erakusten digu. Daukaguna partekatuko bagenu, goserik ez legoke munduan. Argi esan zuen berak: “Emaiezue jaten”. Partekatzea betebehar bat da. |
Otoitz egitea | Aita gurea | Otoitz egitea Jainkoarekin hitz egitea da. Horretarako, konfiantza landu behar dugu haurrengan; lehenik eta behin, gurasoekiko konfiantza, eta, ondoren, Jainkoarekiko konfiantza. Ondo legoke gauean, oheratu baino lehen, familiak otoitza elkarrekin egitea, eta bakoitzak Jainkoari eskerrak ematea egunean zehar gertatu zaion gauza on batengatik. Familiako inork arazorik izanez gero, une egokia izan daiteke hori adierazteko ere. |
Maitatzea | Mandamentu nagusia | Mandamentu guztien artean, elkar maitatzeko aginduari ematen dio Jesusek garrantzirik handiena. Berak maite gaituen bezala maitatzea da garrantzitsuena. |
Zoriontsu izatea | Zorionbideak ** | Zoriontsu izateko, nolako jokabidea izan behar dugun esaten digu Jesusek. |
** Zorionbideak, haurrentzako eguneratuta eta egokituta.
XXI. mendeko zorioneko haurrak

2. mailako 2022-2023 material berria .pdf-an deskargatu ezazu:
Katekesiaren 3. Maila
Jainkoarengana hurbiltzeko pausoak
Kristau elkartea (Eliza)
Eliza fedearen izenean elkartutako PERTSONOK osatzen dugu. Eta ez gara perfektuak. Akats asko egin ditugu. Eta GUZTIOK DAUKAGU GEURE ERANTZUKIZUN ZATIA, handiagoa edo txikiagoa, egungo Elizari dagokionez. Denok hartu beharko genuke Elizan parte, nork bere ahalmenaren arabera. Fedea sendotzeko, Kristau Elkartea izan behar dugu oinarri. Fedeak Jesusekin lotzen gaitu; fedeak laguntasun- eta zerbitzu-bizitza izaten laguntzen digu.
Gutako bakoitzak galderak egin beharko genizkioke geure buruari, gogoeta egin beharko genuke, Elizaren eta gure arteko harremanaren gainean: eta nik, zer egiten dut Elizaren alde? Eliza bultzatzen laguntzen al dut? Ala, besterik gabe, nire kontzientzia lasaitzeko betetzen ditut erritu eta errutinak? Denok aritu beharko genuke, denok, senideekin eta Elizarekin lankidetzan, bidean aurrera egiteko.
Sakramentuak
Sakramentu orok ezaugarri hauek dauzka:
- E-BOKATU egiten du, Kristoren misterio salbatzailea oroitarazten duelako.
- IN-BOKATU egiten du, Jainkoaren Hitza entzuten dugulako.
- KON-BOKATU egiten du, Elkartea bere izenean biltzen duelako.
- PRO-BOKATU egiten du, Ebanjelioarekin bat datorren konpromisoa eskatzen digulako, bizimodu bat erakusten digulako, Ebanjelioaren lekuko egiten gaituelako.
Hiru multzotan sailkatzen ditugu sakramentuak
Hastapena | Sendatzea | Zerbitzua |
---|---|---|
Bataioa | Barkamena | Apaizgintza |
Sendotza | Gaixoen oliadura | Ezkontza |
Eukaristia |
Hastapena
Bataioa (Jesusen bataioa)
Jesus Juan Bataiatzailearengana hurbildu zen. Haren bidez hartu zuen bataioa Jordan ibaian. Une hori erabakigarria izan zen Jesusen bizitzan, bataioa bere aldaketaren ikurra izan zelako, aldaketaren aldeko konpromisoa. Orduantxe eman zion hasiera bere bizitza publikoari.
Haurra, bataiatuta egon edo ez, JAINKOAREN SEME EDO ALABA da. Bataioaren sakramentua jasotzean, kristau-elkarteko kide bihurtzen da, gurasoen fedearen bidez. Gurasoek haurra Ebanjelioaren balioetan hezteko konpromisoa hartzen dute. Gurasoen hitz, keinu eta jokabideen bidez ikusiko dute seme-alabek gurasoak fedearen lekuko direla. Gurasoek egiten dutenak, gurasoen jokabideak, askoz ere balio handiagoa du haurren begietara, katekistak esaten dienak baino.
Sendotza
Nerabeak berretsi egiten du bere gurasoek bataioaren egunean hartutako konpromisoa: Ebanjelioaren balioen arabera bizitzea, mundua bidezkoagoa bihurtzeko ahalegina egitea, berdintasunaren alde jardutea, ahulenen alde, injustizien aurka… Azken batean, Jainkoaren Erreinuaren alde egitea.
Eukaristia
Eukaristian, Kristorekin eta Kristau Elkarteko gainerako kideekin bat egiten dugu. Irakurgaietan, Jesusen hitza entzuten dugu, eta barneratzen, gero gure egunerokoan haren arabera jarduteko.
Sendatzea
Barkamena
Jainkoak barkamena ematen digu eta aitarik onenen moduan hartzen gaitu beti. Jainkoak beti barkatzen ditu gure okerrak.
(*) Aita Onaren eta Emakume adulteraren parabolak lantzen dira.
Biatikoa edo gaixoen oliodura
Oliadurak indarra ematen digu gaixoaldian eta beste bizitzarako igarobidean.
Zerbitzua
Apaizgintza
Elkartea zerbitzatzeko konpromisoa hartzen duen kristau gizonezkoa da apaiza. Elkartea zuzentzeko, bideratzeko eta biziberritzeko egitekoa hartzen du bere gain.
Elkartearen zerbitzura egoten dira. Gogora dezagun oinak garbitzearen ekintza.
Ezkontza
Sakramentu honen bidez, bikotekideen arteko maitasuna bedeinkatzen da. Kristau Elkartearen aurrean, elkarri lagunduz eta errespetatuz bizitzeko konpromisoa hartzen dute.